XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kultura egoera berri bat ere aipa liteke faktore eragiletzat.

Walter Benjaminek, Erreprodukzio teknikoaren aroko arte lana (Hitzaldi etenak I) bere artikulu ospetsuan aditzera ematen zuen, arte lana, birsortua edo berregina izatean (birsorgarritasuna), hainbesteraino hurbiltzen zenez gero, aurak izatez, urruntasuneko gertaera ezabatu egin behar zuela;

hondakin estetikak bururatu nahi zuen prozesua adierazten zuen.

Izan ere, arte lana beste edozein gai bezala, gastatzen, kontsumitzen zela agerian jartzen ari zen; objektuaren izaera suntsikorra eta, ondorioz, iragankorra azpimarratzen ari zen.

Hau da, ez dio arte lanari erabilera balioaz kanpoko beste baliorik aitortzen, erabileraz goragoko balioak kentzen dizkio, eta baita erabilera desagertzean iraun lezakeen beste edozein balio ere.

Erdi Arora arte, arte lana modu batera zein bestera kultuari asoziaturik egon zen, kultu balioa zeukan.

Balio horrek, esan beharrik ez dago, behar zuena baino oinarri handiagoa ematen zion arte lanaren iraunkortasunari eta ordezkatze ezinari, eta bere bakartasunari.

Errenazimenduan, munduaren sekularizazio prozesua hasi zenean, arte lanarentzat profanaziokoa izango zena, ez da harritzekoa estetika mota batek arte lanaren iragankortasuna eta ordezkagarritasuna ikurtzat hartzea.

Ikusi dugunez, kultura egoera berri hori indartu egin zuten industria gizarte aurreratuetako produkzio interesek.

Kultu balio oroz gabeturik eta merkatuan sarrarazirik, arte lanak produktu estatutua besterik ez du hartzen eta, halako den heinean, bere higadura ez da gustuaren gorabeheren ondorioz bakarrik sortuko, produkzioak berak eragingo baitu higadura, beste gai baten sustapenerako ateak irekita izan ditzan.

Simón Marchánek zentzu horretan zaharkitze planifikatuaz hitz egin du (Objektu artetik kontzeptu-artera, 1960-1972, Simón Marchín, Comunicación, Serie B).

Azkeneko honek hondakin estetikak daukan anbiguitasunaren berri ematen digu.

Bere azken ondorioetaraino darama arte lanaren desakralizazioa, arte lanak erabileraz gorago zeukan balioaren azken gordelekuei eraso egitean: bere iraunkortasun fisikoa, denboraren aurreko erresistentzia materiala.

Arte lana, Coca-Cola edan ondoren plastikozko edalontzia bezala higatzen zen.

Alderdi positiboa jadanik aipatu dugu: denboragabetasunaren galera, hau da, obra objektutasun abstraktutik aske geratu ondoren, eta bere gertaera den denboran kokatua geratzen denez gero, indartu eta aberastu egiten da.

Estetika horren muga beste alde batetik agertzen da.

Obraren desakralizazioak berez, artearen eremura soilik mugatzen ez dena, eta, aitzitik, historia unibertsal berriaren lerro nagusietako bat bezala aurkezten den prozesua dena (Weber) arazo larriak sortzen ditu artearekin batera kritikak izango lukeen zeregina ulertzeko orduan.

Zeren, produktu izaerara mugaturik, arte lana ekoizpenaren interesen mendean jartzen baita, eta, zentzu batean, babesgabe gelditzen baita haren aurrean, kritika egiteko ezindurik, areago oraindik, neurri batean, eginkizun hori gaitzetsi ere egiten duelarik.

Lehen ikusten genuen hondakin estetikak obraren baitako balio bihurtu nahi zuen higapena, merkatuari begira ekoizpenaren behar bat sinatu besterik ez zuela egiten.

Produktua nekez altxa daiteke ekoizpenaren kontra, eta holakorik egiten badu kritikak ez du ongi asmatuko, edo, gutxienez, bere mintzaira kritikoak ekoizpen marko horretatik aldentzeko ahaleginak besterik ez ditu egingo, (...)